Sekuentzia didaktikoa

HASIERA FASEA

1. jarduera → Aurrezagutzak identifikatzen

 

-Irakaslea klasera sartuko da eta ASANBLADA eran jarriko ditu ikasleak. Bertan irakasleak galdetuko du haurrak nola dauden. Eta esan dezake bera ondo dagoela baina hezur batean mina daukala. Eta hortik abiatu daiteke elkarrizketa:
“Zuek ere izan duzue hezurretan min? Apurtu duzue hezurren bat? Hezur asko ditugu gorputzean… ikusi duzue sekula bat? Nik gogoan daukat urte batean Oñatin arkeologo batzuk egin zutela aurkikuntza harrigarri bat! Eta orain dela gutxi beste bat egin dute!”

Horraino heldu behar da elkarrizketa, eta hori izango da momentua baliabideetan dagoen bideoa aurkezteko - honen aurretik aurrezagutzak piztuaz:

 

-”Badakizue zer den aurkikuntza bat? Badakizue Oñatik zenbat altxor dituen? Badakizue Oñatin topatu den aztarnarik zaharrena noizkoa den? Jendea noiztik bizi da Oñatin? …”

Galdera hauek asanbladan denon artean eztabaidatu egingo dira -ez dago zertan datu zehatzetara hurbildu edota benetako informaziora-.

 

-Ostean haurrei esango diegu gauza hauek guztiak jakin ahal ditugula arkeologoei esker. Eta irakasleak galdetuko die ea ez ote diren sekula arkeologoetan jolastu. Irakasleak berak baietz esango die eta egun batean hezur batzuk aurkitu zituela kale-bazter batean. Eta esango du berak gustura egingo zuela beste ikerketa bat. Eta poliki-poliki giroa berotuko da heldu arte puntu honetara: Izango gara gu ere Oñatiko Arkeologoak?

 

-Ba, hemendik aurrera gu arkeologo bihurtuko gara eta Oñatirentzako inoizko aurkikuntzarik harrigarriena egingo dugu eta prentsaurreko bat egingo dugu, profesionalek bezala!!!  

 

-Gainera, paperean gehiago sartzeko, hurrengo jardueretarako ekar dezakete etxetik arkeologo izateko tresneria edota detaileren bat: txapela, lupa, pintzelak, txalekoa… Dena delakoa, denak balioko du, bakoitzak bere arkeologoa izango duelako buruan.